ED09. Emaitzen txosten orokorra LH 4. maila

Izenburua ED09. Emaitzen txosten orokorra LH 4. maila
Data 2010eko martxoa
Editatua Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI)
Egileak ISEI-IVEI
Formatua 32246
Sintesia Ebaluazio Diagnostikoaren lehenengo edizioaren emaitza orokorrak eskaintzen ditu txosten honek. Funts publikoekin finantzatutako Euskadiko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek hartu dute parte. Haien gaztelaniazko eta euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, matematikarako eta zientzia-kulturako konpetentzia aztertu dira.

Aurkibidea

1- Sarrera
  A. Testuinguru teorikoa
  B. Proben eta aplikazio-prozesuaren deskribapena C. Ikasleen indize sozio-ekonomikoa eta kulturala
2- LHko 4. mailako ikasleen emaitzak ebaluatutako oinarrizko konpetentzietan
  2.A Ebaluatutako oinarrizko konpetentziak
  2.B LH 4ko emaitzak ISEK indizearen arabera eta geruzen ezaugarriak

 

Laburpena

Ebaluazio diagnostikoa hezkuntza-sistema hobetzeko tresna estrategikoa da. Ikasleen konpetentzia mailak eta horrekin batera ikastetxeen eta hezkuntza-sistemaren egoera ezagutzeko sortu da. 2008an proba pilotu bat egin eta gero, 2009 ikasturtean egin da lehen azterketa ofiziala. Bertan parte hartu dute 518 ikastetxeetan eskolatutako LHko 4. mailako 18.236 ikasleek. Curriculum-garapenetik bereizita dago, jasotako ikaskuntza aplikatzeko eta arazoak hainbat testuingurutan konpontzeko ikasleek duten gaitasuna neurtzen baitu.

Ebaluazio diagnostikoa bi alorretan egituratuta dago: batetik, alderdi finkoa dago, izaera instrumentalena duten hiru konpetentzien ebaluazioa egiten duena –Euskarazko eta Gaztelaniazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia eta Matematikarako konpetentzia–; bestetik, alderdi aldakorragoa dago, oinarrizko ikaskuntzetako gainerako konpetentziak ebaluatzen dituena. Aurtengo edizioan, oinarrizko konpetentzia finkoez gain, Zientzia-, teknologia-, eta osasun-kulturarako konpetentzia ebaluatu da.

Konpetentzia mailen araberako emaitza orokorrekin eta geruza bakoitzekoekin batera, txostenean hainbat aldagai esanguratsu aztertu dira, emaitzak sakonago azaltzeko lagungarri izan daitezkeenak (indize sozioekonomikoa eta kulturala, sexua, ikasmailaren egokitasuna, probako hizkuntza eta familia hizkuntza…).

Euskarazko Hizkuntza-komunikaziorako Konpetentziako emaitzetatik eratorritako ondorioen arabera, hizkuntza-ereduen eragina erabakigarria da, eta A ereduko emaitzak beste bi ereduetakoak baino nabarmenki apalagoak dira. Lehen hezkuntzako ikasleen %33k euskarazko Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziako hasierako mailari dagozkion trebetasunak bakarrik menperatzen ditu, %37 inguru erdimailan dago, eta %30ra maila aurreratuan kokatzen da.

Gaztelaniazko Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziari dagokionez, ikasleen %18k hasierako maila bakarrik menperatzen du, %55 inguru erdimailan dago, eta ikasleen %27k maila aurreratua lortu du.

Matematikan, ikasleen %49 inguru erdi-mailan dago, %15ek hasierako mailari dagozkion trebetasunak bakarrik menperatzen ditu, eta ikasleen %36k maila aurreratuari heltzen dio. Azkenik, ikasleen %53 inguru Zientzia, teknologia eta osasun-kulturarako konpetentziako erdimailan dago, %17k hasierako mailan eta %30rek maila aurreratua lortu du.