ED10. Emaitzen txosten orokorra eta aldagaien analisia. LH 4. maila

Izenburua ED10. Emaitzen txosten orokorra eta aldagaien analisia. LH 4. maila
Data 2011eko otsaila
Editatua Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI)
Egileak ISEI-IVEI
Formatua 32248
Sintesia Ebaluazio diagnostikoaren bigarren edizioa, Euskadiko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan matrikulatutako Lehen Hezkuntzako 4. mailako 19.036 ikasle partaide izan dituena. Oinarrizko konpetentziez gain (euskara, gaztelania eta matematika), lehenengoz ebaluatu da Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia.

Aurkibidea

1. Sarrera

2. Proben eta aplikazio-prozesuaren deskribapena

3. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen ebaluazioaren emaitzak oinarrizko konpetentzien arabera

  3.A Ebaluatutako oinarrizko konpetentziak

  3.B Geruzen emaitzak eta ezaugarriak ISEK indizearen arabera

4. Aldagaien analisia. Emaitzetan duten eragina

5. Ikastetxeko emaitzen bilakaera

6. Ondorio orokorrak

7. Eranskina

 

Laburpena

Ebaluazio diagnostikoaren bigarren edizioa da hau. Proba hauekin ikastetxeak bizitzarako zenbat prestatzen duen eta ikasleak gizarte modernoko biztanle gisa duten betebeharra beren gain hartzeko zenbateraino prestatua dauden baloratu nahi da. Era berean, eskainitako ondorioen medioz, ikastetxeei hezkuntza-jarduera hobetzen laguntzea eta Administrazioari hezkuntza-politika bideratzeko informazio baliagarria ematea nahi da.

Probetan ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako LHko 4. mailako ikasle guztiek hartu zuten parte, 19.036 lagunek, hain zuzen. Ebaluazio diagnostikoaren aurtengo edizioan (ED10), 2009eko edizioan ebaluatutako oinarrizko hiru konpetentziez gain, lehen aldiz, Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia sartu da; horrek 2008-2009 ikasturtean egindako Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako konpetentzia ordezkatu du.

Konpetentzia mailen araberako emaitza orokorrekin eta geruza bakoitzekoekin batera, txostenean hainbat aldagai esanguratsu aztertu dira, emaitzak sakonago azaltzeko lagungarri izan daitezkeenak (indize sozioekonomikoa eta kulturala, sexua, ikasmailaren egokitasuna, gurasoen ikasketa maila, ikasleen familia egitura, familia jatorria, eskolatzearen hasiera adina, eta abar). Gainera, azterketa konparatiboa egin da, eta horri esker, orain arte burututako bi edizioetan ebaluatu diren hiru konpetentzietako emaitzen bilakaera ezagutu daiteke. Bestalde, ikastetxeen azterketa egiten da, emaitzen eta eraginkortaunaren arabera.

Txosten honen ondorio orokorren arabera, Euskarazko eta Gaztelaniazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzietan 2010. urteko Ebaluazio diagnostikoan Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek lortutako emaitzak 2009an lortu zituztenak baino nabarmen altuagoak dira. Gainera, igo egin da errendimenduko maila aurreratuan dagoen ikasleen ehunekoa.

Matematikarako konpetentzian ez da gauza bera gertatu: edizio honetako puntuazioa nabarmen baxuagoa da eta errendimendu maila aurreratuko ikasleen ehunekoa 2009. urtekoa baino baxuagoa da.

Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzian, itunpeko hiru geruzek batez bestekoa gainditzen dute. Geruza hauetan, maila aurreratuan dagoen ikasleen ehunekoa %33 eta %51 artekoa da.

Bestalde, aldagaien eraginari dagokionez, honako hau ondorioztatzen da, besteak beste: Ikasleak lortutako emaitzetan indize sozioekonomikoa eta kulturalaren (ISEK)eragina orekatzen denean, itunpeko B eta D geruzek errendimendua berdintzen dute Gaztelaniazko hizkuntza-konpetentzian, Matematikarako konpetentzian eta Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzian, baina itunpeko A geruzaren emaitzak baino nabarmen baxuagoak eta geruza publikoenak baino nabarmen altuagoak dira konpetentzia guztietan.

Euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzian, hizkuntza-eredua osogarrantzitsua da ikaslearen emaitzetan. Hiru ereduen arteko aldea adierazgarria da. D eredua soilik kokatzen da batez bestekoaren gainetik.